Krisialdia eta gazteen emantzipazioa: beldurra gaindituz
ezkerralde 2009-01-27 GTM 2 @ 18:33
Gaur Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) teknikari bezala plazaratutako artikulua eskeintzen dizuet:
Krisialdiaren hilabeteetako garapenaren ostean eta aurreko aste hauetan zehar ezagututako zantzu kezkagarriak ikusita, artikulu honen xedea koiuntura honek euskal gazteriaren emantzipazio prozesuan dauzkan ondorioei buruzko analisi eta hausnarketa egitea da. Sinplekerien gainetik, lehengo eta behin, emantzipazioari buruz hitz egiten dugunean zer ulertzen dugun argitu behar dugu. Gure ikuspuntutik, aukera berdintasunean gazteen eskubide guztiak betetzea eta hiritartasun osoa eta aktiboa garatzea bermatuko duen, eta gure bizitza-proiektua modu autonomoan egitea ahalbidetuko duen prozesu bat da emantzipazioa. Beraz, arazoa enplegu eta etxebizitzara murrizten dituzten teoria eta praktiketatik haratago joango litzateke jakinda, hala ere, bi gai hauek erabat baldintzatzen dutela prozesu osoa. Baldintza ekonomiko jakin batzuk ezin baldin badute hiritartasunaren kontzeptu osoa bermatu per se, ukaezina da, era berean, gutxiengo batzuk beharrezkoak direla legeek aitortutako eskubideak gauzatu ahal izateko.
Garapen ekonomiko etengabeko ziklo luzea bizi izan dugu aurreko 15 urteetan, hauetan erabil ohi diren adierazle ekonomikoak gorakada izugarriak izan dutelarik. BPGaren igoerak, burtsa-errentabilitatearenak, banketxe eta enpresen etekinak,… Kapitalaren pilaketa eta hedapen urte luze hauek bazterrean utzi dituzte, nola ez, beraien biktimak. Emakumeak, gazteak, etorkinak, …. denak ordaindu dituzte , larrutik ordaindu ere, finantza orgia guzti hauen ondorioak. Pertikarik gabe orekatu ezinean, behin-behineko lan kontratuen iheskortasunaren eta mailegu hipotekarioen bizitza-luzeetara atxilotuak. Azkenaldian burututako etekin pilaketa masiboan elementu zentralak izan dira, hain zuzen, etxebizitzaren salneurrien gorakada eta lan prekarietatearen hedapena. Argiago esanda, gure txirotasun soldatek, gure lan baldintza kaxkarrek eta gure hipoteka ordainezinek ahalbideratu dute banketea.
Parranda guztiek ajea dakartzate ordainean, oraingoan, aldiz, gozatu dutenek ez, baino kopak zerbitzatu dituztenek pairatu dute biharamuna. Interes tasen igoera gogorra, eta beraz honen osteko mailegu kuoten igoera larriekin hasi zen ajea;bigarren fase batean bat-bateko enplegu suntsiketa ekarri digularik. Mailegu eta alokairuen ordainketei aurre egin ahal izatea zaila bazen prekarioak izanik, langabeak izanez gero guztiz ezinezkoa bihurtzen da. Orain dela hilabete batzuk gurasoen etxeetatik ateratzea zaila baldin bazen, gaur egun beldurra ematen du hortan pentsatzeak ere.
Gazteok bigarren mailako hiritarrak garela esatera eraman gaitu askotan gazteen eskubideen alde EGKk 23 urteko ibileran eginiko lanak . Sistemak eraikitako kontsumo eta aisiaren urrezko kaiolan giltzaperatuak, pairatu baldintza sozio-ekonomiko txarren aurrean gure bizi-proiektuen garapena atzeratzen genuen. Jauzi zen baina, higiezinen burbuila, jauzi ziren burdinak eta jauziarekin batera beldurra heldu zen. Ziurgabetasuna eta nahastea izu bilakatu dira. Lana galtzeko edo ez aurkitzeko izua, hurrengo letra ordaindu ahal ez izateko beldurra, gurasoen etxera bueltatzekoa,…
Norabide bakarrekoak izateaz gain (kapitalaren eskuetara doazen diru eta onuren transferentziak) erakunde publikoek krisialdia geldiarazteko martxan jarritako neurriek guztiz antzuak izan dira. Ezer gutxi edo ezer ez, hobe esanda, egin da benetako biktimen egoera lasaitzeko. Izandako etekinak iragarri eta kreditua emateari uko egiten dieten banku eta kutxen artean interes murriztuan milaka miloi euro enkantera ateratzen dituzten bitartean, gizarte segurantza sistemak indartzera ez da euro bakar bat ere bideratu. Jokabide hau ez da batere erakargarria 2008 urtean zehar, estatu mailan, langabeziara joan diren beste miloi bat pertsona horientzat (horien artean %70 gazteak gara). Pertsona hauen gehiengo batek (%85) edo berritu ez diren behin-baterako kontratuak zituzten edota banaka kaleratuak izan dira, pixkanaka, zarata atera barik. Tartean, helburu bikoitza daukan estrategia batean sartuta daude administrazio eta hedabideak, enplegua erregulatzeko espedienteetan (EEE) jarriz beraien arreta osoa. Modu horretan alde batetik, benetan gertatzen ari denatik nahasiz, eta bestetik EEEak sortzen dituzten beldurra disuasio-neurritzat erabiltzen (mobilizazio eta kritikak ekiditeko).
Aurrean daukagun koiunturak eragile guztiei ( politiko, instituzional eta sozialak ) aurre egin behar diegun erronkak mahaigaineratzen dizkigu. Lokatzean oinarritutako eredu ekonomiko izugarriki espekulatiboa gaindituz, Ipar-Europako estatuen mailetan kokatuko gaituen benetako ongizate estatu bat eraikitzeraino, handia da herri honetako erakundeek egin behar duten apustua. Gizarte eragileok, gure aldetik, gizarteratuta dagoen beldurra eraldaketa sozialerako aukera bilakatu behar dugu, ikaratik ondoez politikora pasa, berau gizartearen sakoneko eraldaketa ahalbideratzeko lanabes bezala erabiliz. Euskadiko Gazteriaren Konsteiluak –EGKk- eta erakunde honen baitan dauden gazte eragile guztiak eraldaketa hau lortzeko, ikuspuntu anitzetatik konprometituak gaude. Horretarako, gainera, helburu eta estrategia amankomunak dauzkagun eragileekin zubiak, sareak eta aliantzak sortzearen aldeko apustua egiten dugu. Krisialdia eraldaketarako aukera bilakatu dezagun!
I

Zabaldu
del.icio.us
