Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!


Krisialdian (etxebizitza) merkatuaren logikatik kanpo behingoz

ezkerralde 2008-10-01 GTM 2 @ 08:35 Tagak:


Hilabeteak dira krisialdi ekonomikoari buruzko berrien jarraian pisuen salneurrien beherakadaz, sustatzaile eta eraikuntza-enpresen zailtasunez eta BPGaren moteltzeaz berriak iristen zaizkigula. Aipamen gutxi egiten zaie ordea, garai ekonomiko zail horrek eragingo dituen benetako zailtasunei. Hilabetero, EURIBOR delakoaren igoerak zorrez gainezka dauden pertsonak, euren etxe zaharrak saldu ezinik harrapaturik dauden etxez aldatzeko beharra duten pertsonak, emantzipatzeko aukera inoiz baino zailagoa ikusten duten gazteak... Aetxeak-copia.jpgntza denez, adreiluaren festa bukatu egin da, eta orain nork emango dio egoerari erantzuna? Iraganari so eginez, argi ikus dezakegu zein izango den erantzuna. 

 

Eguneroko gaiak zehazten dituenak, gauzak modu batean ikusteko irizpideak sortzen ditu. Gauzak horrela, une honetan hormigoi-makinek berriro ere modu egokian funtziona dezatela da euren helburua, berriro ere hipotekek beren dinamika jarrai dezaten eta “betikoak” %15 edota 20tik gora aberats daitezen. Hori da garrantzitsuena, merkatuak normaltasun egoera berreskuratzea. Merkatu horren normaltasunak hain zuzen ere krisialdia ekarri izanari arreta gutxi jartzen zaio.

 

Argitu beharra dago, eraikuntza-enpresan eman den krisia ez dela esparru horretan eman den gehiegizko arautzearen ondorioz ezta eraikitzeko lur eskasiagatik edota burokrazia mailan jarri diren oztopoengatik. Argi eta ozen esan beharra dago, merkatuaren funtzionamenduaren logikak eragin duela krisia. Estatu Batuetan “Sub-primeek” eragin zuten barrabaskeriak, beldurra eragin zuen, eta beldur hori Estatu espainolera heldu zen.

 

Etxebizitzen salneurrien gainbalio espekulatiboek alde batetik, eta hipotekek eragindako zorpetze maila altuek bestetik, interes tasen igoerek ondorio jakin bat eragitea bermatu zuten; salmenten erritmoa moteltzea merkatuan kate moduko erreakzioa emanez. Kasu honetan erruduna ez da Estatua ezta berak zehazten dituen erregulazioak, erruduna merkatua eta honek sortutako logikak dira. Izan ere, aspalditik datorren kontua da, estatu espainolean etxebizitza merkatuaren zerbitzupean jarritako ondasuna dela. Ez da inor sekula oligarkia ekonomikaren aberastasun grina mugatzera ausartu, eta orain gehiegizko espekulazioaren ondorioak ordaintzeko unea iritsi da.

 

Enpresa mundua eraikuntza sektorea berpizteko diru sarrera masiboak eskatzen ari den honetan, beste eredu ekonomiko bat eta etxebizitza politikak egiteko modu berriak eskatu behar ditugu. Merkatu libreak modu egokian ez funtzionatzeaz gain gizarte beharrak betetzen ez baditu, egiteko modu berriak bilatu beharko ditugu. Etxebizitza arloari dagokionean gizarte eragile gehienek dugun alternatiba garbia da: eskubidea merkatuaren arauetatik kanpo uztea. Hau da, merkatuaren logikatik kanpo kokatu eta zerbitzu publikoaren babesean jartzea. 

 

Hilabete asko, gehiegi, daramatzagu euskal etxebizitza legearen proiektua Gasteizko Legebiltzarrera noiz helduko den zain, gure ustez gizaki orok duen etxebizitza eskubiderako aurrera pausoak ematen hasteko aukera. Bere egungo statusa gaindituz, bermatu beharreko eskubide izatera igarotzeko, etxebizitza politika proaktiboak egiteko premia behar lukete izan gaur egungo administrazioek. Norbanakoa, baldintzarik eta denboran luzamendurik gabea. Urte askotako atzerapena daramagu, milaka miloi euro gutxi batzuen eskutan erori dira, onartezina da egoera hau denbora gehiagoz luzatzea.

 

Aurrerantzean ere, eraikuntzak altxatzen jarraitzeko lur eremu berriak suntsituko badira badagokigu zentzugabekeria horri aurre egitea, muga bat jartzea. EAEn hutsik edota erabilera gutxi ematen zaien 100.000 etxebizitza egonik, eta milaka etxebizitzek birgaitze lanak behar badituzte, lehentasuna ezin da eraikitzen jarraitzea izan. Hutsik dauden etxeak alokairu merkatura atera daitezen sustapen neurriak abiatu behar dira, baina era berean merkatua era espekulatibo batean ixten duten etxebizitza hauen jabetza zigortuko duten neurri zehatzak beharrezkoak dira. Norbanakoaren jabetza eskubidea beste milaka norbanakoen eskubideak urratzen dituenean, gizarteak aurrera pausu ausart bat eman behar du. Gizarte pedagogia gehiago eta maximalismo gutxiago behar dugu. Bigarren etxebizitza edota aurrezki produktu bezala erositako milaka etxe arazoaren jatorrietako bat baldin badira, beraiengan esku hartu behar da.

 

Duela hilabete gutxira arte, etxe-eraikitzaileek babes ofizialeko etxeak (BOE) euren dinamikaren etsaitzat hartzen zituzten. Eraikuntza esparruan sortzen ziren gaitz guztien arduradun etxebizitza publikoa omen zen. Orain berriz, alojamenduzko beharrei erantzuteko babes ofizialeko etxeen eraikuntza euren esku hartu nahi dute. Eraikuntza esparruan gertatu izan diren krisialdietan babes ofiziala izan da egoeratik ateratzeko babesa: esparruak garai emankorrak bizi dituenean, etxebizitza libreak ematen du dirua, garai txarretan aldiz babes ofizialak sortzen ditu beharrezko diru iturriak. Gertaera honen aurrean, ezinbesteko egiten da alokairuzko etxebizitza publikoaren alde egitea.

 

Etxebizitza eskubide eta zerbitzu publiko izatearen alde egingo badugu, horiek alokairuan esleitzea litzateke egokiena. Hasteko unibertsaltasun logikari erantzuten diolako, hau da, zerbitzu bakar baten bidez behar eta gizarte egoera ezberdinei ematen zaielako erantzuna. Pertsona ororen ordain-ahalmenera egokituko diren alokairuzko etxebizitza publikoak, behar aldakorrei erantzungo dioten etxebizitzak, mugikortasun handiagoa erraztuko dutenak… bestetik, publikoa den zerbitzuaren logikatik baliabide publiko bat esleitzeko modurik bidezkoena delako. Erabilera da esleituko dena ez jabetza, administrazioak beti izango du lurraren jabetza, eta ondorioz ez du ondasuna kudeatzeko gaitasuna galduko. Azkenik, eta barneratzailea izango den gizarte baten eraikuntzan ezinbestekoa delako errenta maila ezberdinen araberako zerbitzu ezberdinik ez sortzea. Egungo etxebizitza publikoaren eredua zatitzailea da (etxe sozialak behartsuentzat, BOEak maila ertain-baxuarentzat eta salneurri tasatutakoak ertain-altuentzat), pentsa dezagun une batez, osasunak ere horrela funtzionatuko balu, onartuko genuke?

Zabaldu Bildu.net | del.icio.us