Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!


Lantokietan ere, giza eskubideak

ezkerralde 2008-06-11 GTM 2 @ 08:30 Tagak:

Aste hauetan zehar, bereziki, EAEko agintariek Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala daukate mintzagai etengabe. Horren harira, EGKtik adierazpen bat egin nahi izan dugu (iritzi artikulu formatoan), lantokietan ere giza eskubideak errespetatu behar direla esanez. Hona hemen transkripizioa:

Lantokietan ere, giza eskubideak 

Tamalez gure herri honetan askotan, gehiegitan, dagokigu Giza Eskubideei buruz jardutea. Euskal gatazkaren testuinguruan hainbat, gehiegi, dira pairatzen ditugun bortxaketak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak 60 urte beteko dituen urte honetan. Gatazkari lotutako errealitatearen larritasuna ukaezina bada ere, eta zorionez gure gizartearen gehiengo handi bat (gero eta handiagoa dena) pertsona guztientzako eskubide guztien aldeko lanarekin konprometituta badago, ezin da ukatu, ezta ere, gure gizartean pairatzen diren Giza Eskubideen kontrako bortxaketa guztiak ez direla euskal auzian bukatzen.


Gaur egungo gizarte-errealitatea korapilatu da, enpleguak subjektibotasun kolektiboak sortzeko daukan gaitasuna murriztu da, langileriak maila ezberdin askotan eten egin da… Aldiz, Santurtziko San Juan del Rompeolas edo Bilboko San Francisco auzoan jaio izatea eta Aieten edo Negurin jaiotzea, oraindik ere ez da gauza bera. Lan harremanak urrun daude orain dela urte soil batzuk zirenekotik, baina ez dira gatazkarik gabeko eremu baketsu bat bihurtu. Izan ere, 2006 urtean EAEn 224 greba egon ziren, 63.000 pertsona murgildu eta 168.000 lanaldien galera ekarri zutelarik. Desitxuraturik, edo eraldaketa prozesuan murgilduta besterik ez, klaseen arteko gatazka egunero-egunero azaleratzen da soldatapekoen eta soldata ordaintzaileen artean.

Kapitala eta lanaren arteko gaztaka honi, zoritxarrez, ez zaio biolentziarik gabeko bideetatik ekiten ezta ere. Izan ere egunero, orduro, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak aitortutako eskubideak urratuak dira. 23,24 eta 25 artikuluei buruz jardutea (lanari lotutako eskubideei buruz dihardutenak) artikulu honen mugak gainditzera eramango gintuzke, are gehiago “bizitzeko, aske izateko eta segurtasunerako eskubidea bera” (3. artikulua) urraketen artean larriena denean. Beraien lantokietan edo bidean heriotza aurkitu edo zauri larriak pairatzen dituzten edo gaixotasun profesionalek pixkanaka eraildako pertsonek. Estatistika ofizialari jarraiki 2007an 337 istripu larri eta 56 pertsona hilik utzi zuten lan istripuek EAEn. Sindikatuak diozkue datuek errealitatearen mutur bakarra erakusten dutela: errepide istripuetan hildako gidari profesionalak, lan istripuan hildako bezala kontuan izateko istripua gertatu zenetik egun gehiegiren ostean hildakoak, berdin erailtzen duten baina erregistratzen ez diren gaixotasun profesionalak,….

Benetako gerretan Genevako Ituna betetzen ez den eran, gatazka honetan ere balio gutxikoak izaten dira lan osasun eta segurtasuna bermatzeko araudiak. Izan ere, enpresariek sistematikoki saihesten dute, kasu gehienetan, arlo honetako araudia. Berehalako etekinen pilaketa, seguritate eza eta prekarietatera zigortzeaz gain, pertsonen bizitza eta osasunaren gainetik dago. Beraien ardurei uko eginez, langileen osasuna eta seguritatea bermatu beharko luketen erakundeek jarrera hau onartu, edo gutxienez ez dute mugatu. Ez Lan Ikuskaritzak ezta Osalanek ere ez dute arazoaren mailan egongo den esku hartze-gaitasunik eta kasu gehienetan, istripua eragin duten ezbeharrak ziurtatu baino ez dute egiten, argi eta garbi utziz arazo honekiko zein da beraien konpromisoa.

Gaur ez da Apirilak 28, artikulua hau ez da istripu berri bati erantzuteko egindako testua, hala ere lan istripuen kontrako analisia, eztabaida eta lana gure agendan egoten jarraitzen dute. Gazte elkarteen plataforma garen heinean, askotan eskubide sozial eta ekonomikoetan oinarritzen dugu gure lana. Etxebizitzarako eskubideak, aldiz, ez dauka balio askorik bizirik ez daudenentzat. Beste arlo batzutan gazte izateak desabantaila suposatzen badu, lan osasuna eta seguritatearen kasuan gazte izateak urraketa bortitzagoa pairatzea dakar.

Pertsona gazte batek istripu bat pairatzeko daukan probabilitatea helduena baino bi aldiz altuagoa da. 2006an Estatu espainolean egondako 900.000 istripuek langileriaren %4,5i eragin zioten, baina datua adin ezberdinetan zehazten badugu, enplegatuta zeuden pertsona gazteen %8k istripu bat pairatu zuen. Urte berean estatu mailan lan istripuan hildako 947 pertsonetatik 64k, 25 urte baino gutxiago zeukaten. Beste kasu batzuetan gazteei alferrak, nagiak edota konpromisorik gabekoak izatea leporatzen bazaigu, kasu honetan lan istripu gehiago edukitzea arreta gutxiago jartzearen ondorioa dela esango da. Inork gutxik azpimarratuko du istripu gehien pairatzen dugunok lan prekarietate gehiago pairatzen dugun berberak garela. Injuve-k (Espainiako Gazteria Institutua) berak onartzen duenez “lan istripu tasa adinarekiko kuasi-perfektua den alderantzizko korrelazioa da”. Antza denez, lantokian istripua jasan eta bertan hiltzeko ohitura txarra adinarekin ere sendatzen zaigula.

Azken datua ikusita, epe motzean lehentasuna lan osasuna eta seguritateari buruzko legediaren betetze zorrotza berma dadila izan behar bada ere, lan istripuei buruzko eztabaida haratago eraman behar da eta pairatzen ditugun lan harremanen ereduaren muinean kokatu. Erakunde publikoek lan eskubideen berme izateari uko egiten dietenean, sindikatuen negoziazio eta kontrolerako ahalmena gutxitzen denean eta prekarietatea nonahi dagoenean ez da bidezkoa lan istripuak era isolatu batean aztertzea. Eragile guztiek (gizarte eragileak, erakundeak,…) beharrezkoa den ausardia eta konpromisoa agertu ezean, lan istripuetan zauritu eta hildakoen zerrendaren hazkundea, zirkinik egin gabe, ikustea baino ez dugu izango.

Jabi Delgado eta Igor Mera

Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

TrackBack URI

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>