Okupazioa, delitua ala ekintza politikoa¿?
ezkerralde 2008-05-14 GTM 2 @ 13:39 Tagak: euskadikogazteriarenkontseilua gaztxeakaurrera kukutza

Egunotan Rekaldeko Kukutzak proiektuaren ospakizunak burutzen ari dira. Hori eta asken asteetan gertatuko hustaratzeak kontuan harturik EGKko kiden garen hiru pertsona Iritzi artikulu bat bidali dugu hedabideetara. Zuei guztiei esklubisaz:
"Rekaldeko Kukutza Gaztetxeak 10 urte eta Gasteizko Txorimalo Gaztetxeak 20 urte bete ditu, gizartearen eraldaketaren alde lan egiten dugun elkarte eta pertsonentzat pozteko zio eta ospatzeko parada dena. Bilboko Udalak bereziki eta berriki abian jarritako uztarazte kanpaina bortitzak lainotu ezin duen poztasuna, hain zuzen.
Erakundeek partaidetzaz solasten, eta bereziki gazteek indibidualismoa eta pasotismoa alde batera utzi eta gizartearen eraikuntzan laguntzeko beharrari buruz, orri eta goiburu asko betetzen dituzten unean gero eta zailtasun gehiago jartzen dira antolatuta dagoen gazteriaren eremu signfikatibo batek (Okupatutako Gizarte Zentroen inguruan antolatzen dena) bere ametsak eraiki ditzan. Gure gizartean existitzen diren beste kontzepzioak bezain zilegiak dira autogestioaren aldeko apostua barneratzen duten amets hauek. Beraien tokiko komunitateen garapenaren aldeko lana burutu nahi duten gazte hauek ez dute erakunde publikoek beraien arazoen ardura hartzerik nahi (legez soluzioak ematera beharturik dauden arren), aldatu beharrekoak konpontzeko erantzun kolektiboak eraikitzen dituzte, arazo globalen aurrean tokiko alternatibak sortzen, sistemaren logika nagusietatik at dauden gune askeak eraikiz. Partaidetzari buruz hitz egin, biltzarrak antolatu, edota hamaika mila euro asesoriatan gastatzen ditugunean, ezin dugu ahaztu partehartzea pertsona guztien eskubidea dela eta ez dagoela berau ofizialki diseinatutako bideetara mugatuta. Disidentziarako aukera, autogestiorako eta kontra-botere guneak eraikitzeko beta, besteak bezain zilegiak dira eta aukera gisa aitortua izan behar dute.
Okupazioak, definizioz, ez dute poliziek ezta epaileek kudeatu behar; gai politiko bat da. Okupazio baten bitartez hutsik zegoen lokal bat helburu kolektiboen mesedeetara jartzeko ez da izatez ekintza deliktibo bat baizik eta politikoa (hitzaren errora joanik). Eraiste edo hutsiarazte bidean jartzen zaizkien trabak jarrita ere, ziur gara okupa mugimenduak aurrera egingo duela gure hiri eta herrietan urtetan zehar hutsik dauden etxebizitza eta lokalen erabilera soziala bermatzeko. Gazteen zenbait beharren alde askorik egiten ez duten erakundeak azkar doaz, garabiak lagun, pertsona gazte askoren esfortzu, konpromezu eta lan boluntarioari esker eraikitako proiektuak txikitzera. Interesgarria litzateke guk baino tradizio demokratiko handiagoa daukaten beste herrialde batzuetan, Holanda kasu, hutsik dagoen etxebizitza bat okupatzea ekintza legala dela aipatzea. Izan ere, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko existitzen den neurririk lagungarriena da bertan.
30 urtetan, gazteriaren beharrei aurre egiteko baliogarria izango zatekeen benetako Gazteria Politika bat eraikitzeko gai izan ez diren instituzioek oso jende gutxiren onespena eta finkatutako helburuak lortzeko gai ez diren Gazteguneak, Gazteen Informazio Bulegoak eta beste zerbitzu batzuk mantentzen dituzte. Erakunde horietariko batzuk dira gizarte injustizien salaketa egin eta alternatiba bat eraiki baino besterik nahi ez duten gazteak kriminalizatu, jazarpen judizialpean mantendu eta etorkizuna apurtzen dituztenak.
Zentzu honetan Kukutza eta Txorimalo ez dira soilik eredu bat Errekaldeko eta Gasteizko Alde Zaharreko azken urtetako garapen sozial eta kulturalari buruz hitz egiten dugunean baita bi hiriburu hauenari buruz mintzatzen garenean ere. Biek antolakuntzaren arrakasta suposatzen dute, kultura herrikoiaren autogestioa... azken finean auzoko biztanleek eta gazteek sustaturiko gizarte-komunitatearen garapena. Inguratzen gaituen gizarte eredu kapitalistari emandako ostikada baten islada, zenbait interes direla medio hainbat hedabidetik eta erakundetatik saldutako gazteriaren eredu eroso eta pasotari emandako belarriondokoa. Aniztasunaren, hiritarren partaidetzaren, gizarte dinamizazioaren adibide bat da administrazioaren politiketarako eredu bat izan daitekena.
10 urte hauetan Kukutza hazi da eta modu berean auzoa bera. Hasiera batean bizitzarik gabe eta hutsik zegoen eraikina gaur ekimenez beteta dago ehunka gazteri esker (gazteak batez ere, baina baita ere umeak eta pertsona helduak). Egunero gaztetxearen espazioetan parte hartzen duten elkarte eta kolektiboak: musika taldeen entseguetarako lokalak, antzerkia, zirkua edota dantza lantzeko tailerrak, rokodromoa, barazkijaleentzako jatetxe beganoa, bigarren eskuko arroparen trukerako gunea, ziber-biblioteka... Gaztetxeek neurri handi batean pertsona askok bilatzen dutena eta gainera udaletxeek aditzera ematen ez dutena eskaintzen dute: espazio aske eta herrikoiak ; proposamena, elkarrizketa eta kontsentsua murrizketa bakarrak izanda. Kukutza eta Txorimalo proiektu hauek egunero argi uzten dute Okupa mugimendua erabat baliogarria dela eta indarrean egoten jarraitzen duela. Beste alternatiba bat baino ez dira, bideragarria dena eta “anarkia osora” ez garamatzana.
Proiektu biziak dira eta auzoetan erabat errotuta daude, Bilbo eta Gasteizko ohiko bizitzan auzoen garapena eta hobetzea suposatzen dituzten eragile komunitarioak dira. Guzti honetan non dago delitua? Okupazioa ez da poliziak edota epaileek ebatzi beharreko zeozer; arazoa politikoa da. Hori dela eta Okupaturiko Gizarte Zentroak hustera udaltzainak, ertzainak edota idazkari judizialak bidali aurretik eskertzekoa litzateke dagokien alkate edo zinegotziek akordioak lortzeko urratsak ematea . Makina bat hitzaldi eta aho betetzen dituen “elkarrizketa” hitza gure iritzi edo boterearekin ados ez daudenekin praktikan jartzea asko kostatzen da. EAEn asko dira herri administrazio eta gaztetxeen artean “elkarbizitza baketsuan” oinarrituta sinatutako hitzarmenak. Zergatik ez da posible Bilboko beste auzoetan edota gure lurraldetako beste zenbait herritan? Existitzen diren hainbat esperientzia eta partaidetzarako zein bitartekaritzarako zenbait prozesu erabilgarriak izan daitezke ibilbide orri berri bat diseinatu nahi bada.
Maiatzaren 17an Errekalden Euskal Herriko Gaztetxe Eguna antolatu dutenei eta azken urteotan gune aske hauek existitzea posible egiten duten guztiei gure zorionik beroena eta besarkada helarazi nahi diegu."
David Lopategi, Igor Mera eta Alfre Elgezabal / Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

Zabaldu
del.icio.us

